XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), Eliza santu guztien ezinikusi amorratuena, filosofiak irabazi dio.

Bi kandidaturatan Unibertsitateak ez du irakasle hartu nahi izan, batean berak eta bestean lagunek aurkeztua.

1756an Eskoziako Elizaren eskomuniotik salbatu ahal izan da, Asanbladak bozketan gehiengoz bere burua ezgai aitortu zuelako haren idazkiak epaitzeko.

Handik bost urtera Eliza Katolikoak zalantza gutxiago izan du, liburu debekatuen Indexean sartzeko haren obra guztiak.

Okerrena izan da, konbertitu eta Elizako laguntasunak hartu nahi gabe patxadan gozo-gozo hil denean, sinesgabe batek zilegi ez duen bezala hiltzea, bere lagunek zortzi gau eta egunetan haren hilobia jagon behar izan baitute, haren gorpua eliztar asaldatuek ez profanatzeko.

David Hume Edinburghen jaio zen eta hamaika urterekin logika, erretorika eta matematikako ikasketak hasi zituen College batean bertoko Unibertsitatean, lanbidez Legeetara dedikatzeko xedearekin, familia aldetik tradizioa zuen eran.

Baina, geroago berak aitortu duenez, estudiantea urte horietan egiaz interesatu duena filosofia naturala izan da, orduantxe argitutako Newtonen sistema berri-berriaren arabera irakatsia (Cambridgen ondoren, Newtonek berton irakatsi baitu, Edinburgh izan zen irakaskuntz programan haren sistema onartu zuen aurreneko Unibertsitatea).

Legeek ere asper-aspertu egiten bide zuten mutikoa eta, harengandik jurista gotor bat itxaroten zen artean, bera pasionatuki Zizeron eta Virgilio estudiatzen ari zen ezkutuka.

Ikasle txarra esan ohi den tipiko bat, beraz.

Irakurzale amorratua, Moderniaren lehen zikloko filosofo handi gehienak irentsi egin ei zituen: Bacon, Descartes, Malebranche, Locke; Bayle eta eszeptizismoaren maisu klasikoak orobat; eta literatura ingeles berriena, Milton, Pope, Shaftesbury eta Swift.

Halako intentsitateak depresio baten amilbururaino estutu zuen ordea.

Eskola utzi egin behar izan zuen.